XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurreko gaian, sistema ekonomikoaren eredu klasikoa eta Keynesen eredua aztertu ditugu.

Dakigunez, beraien arteko desberdintasunik nabariena erabilita hipotesietan datza.

Lehenengoentzat sistema gai da berez, ekonomiaren enplegu betea lortzeko; horrexegatik dira, hain zuzen, laissez-faire politikaren aldekoak; hau da, horientzat, eta baita gaurko neoklasikoentzat ere, gobernuak ez du zertan parte hartu ekonomiaren funtzionamenduan.

Baina historiaren momentu askotan frogatu egin da, merkatu-ekonomiak, soilik, ezin duela inflazioaren eta desenpleguaren arriskua desager erazi.

Gainera, ekonomiaren bilakaera ez-egonkorra izan ohi da, eta gehienetan, atzeraldien ondoren inflazio-aldiak etortzen dira.

Keynesek merkatu-ekonomian sinesten zuen, beronen defendatzaile gogor izanik.

Bestalde, ekonomilari hau baikorra zen eta bere ustez, gobernuak bazeuzkan tresnak inflazioaren eta desenpleguaren iturburuan dauden arrazoiak gainditzeko.

Tresna hauek, politika monetarioa eta politika fiskala dira.

Lehenengoa hurrengo gaietan ikasiko dugu, eta orain politika fiskalaz arduratuko gara.

Inflazioa, eskari agregatua ondasunen eskaintza erabilgarria baino handiagoa denean agertzen da.

Eskari txikiegia daukagunean, aldiz, desenplegua sortzen da.

Orduan, gobernuak eskari agregatua kontrolatu behar du.

Atzeraldietan, eskari agregatua handitu behar du produktu nazionala handierazteko, eta horrela enplegu betea lortzeko.

Alderantziz, inflazio-aldietan, eskari agregatua murriztu behar du, prezioen gorakada geldierazteko.

Zeren bidez eragin diezaioke gobernuak eskari agregatuari?.

Tresna egoki bat politika fiskala da.

Guretzat, politika fiskala gobernuak gastuen eta zergen bidez hazkunde ekonomikoa lortzeko (enplegu betea eta prezioen egonkortasunarekin batera, noski) egiten duen jokoa izango da.